ITZIARREN SEMEAK


Ska, punk eta reggae banda. RRVren semeak direla ozen aldarrikatu dute hasieratik.

Ezin izan zuten lehen lerroan egon 80.hamarkadan, baina beti eraman dute munduari begiratzeko modu hori bihotzean.

Iturri hartatik edanda, euren bidea egin nahi dute sinesten dituzten ideiak jai giroan aldarrikatuz.

Taldearen izena, Euskal Herriko kultura musikala ulertzeko ezinbestekoak diren Pantxoa eta Peio bikotearen “Itziarren semea” kantutik hartu zuten.
Torturaren kontrako aldarrikapen horrek erakusten du, taldearen filosofia boteretsuen kontra eta zapaldutakoen alde abestea dela.

2006an batu ziren lehen aldiz Mungiako lokaletan. Lehen kontzertua 2007ko
apirilean eman zuten Mungiako Gazte Asanbladaren eskutik eta uda horretan
hainbat kontzertu eskaini zituzten eskualdeko herriko jai ezberdinetan.

Hasierako taldekide berdinek jarraitzen dute (Ibon, Manex, Jebi, Asier eta Irkus), baina 2008tik Santutxutik aurkitu zuten Unaik jartzen ditu erritmoak.
Urte bereko ekainean lehen diska grabatu zuten Ondarroako Santos Records-en. Hamar kantu propio izan ziren.

2010eko otsailean “Bizkaiko Golfoak” diska grabatu zuten Andoaingo Garate estudioetan, Kaki eta Martxel Arkarazo aritu zirelarik teknikari lanetan.
Mirentxuren patxaranak emandako bizi pozarekin Kantauri itsasoaren indarra gaineratu zioten. Edo beste era batera esan da, ska-patxaranari Guinnes garagardo beltzaren zaporea gehitu zioten.

Estilo ezberdinetako hamaika abesti sartu zituzten. Tabernatako maitasun, gorroto eta borroka kantak. Lagunekin, bakarrik edo maiteñoarekin abesteko ereserkiak. NOFX-en “Kill all the white man” abestiaren bertsioa (Agur Maitia) eta “The Foggy dew” kantu irlandar tradizionalean oinarritutako bertso bat (Zutik) ere aurkituko dituzu.

Hitzetan Fredi Paia bertsolariak lagundu zien, zabaldu nahi zuten mezua zorrotzagoa bilakatuz.

Disko honi esker 50 kontzertu baino gehiago emateko aukera izan zuten eta 2011ko martxoa eta apirila artean “Lehen lerroan” izeneko azken diskaren grabaketa etorri zen, berriro ere Andoaingo Garate estudioetan Kaki Arkarazaroren gidaritzapean.

Azken diskaren izenburuak argi erakusten ditu taldearen sustrai musikalak
non dauden, Kortatu taldearen “En la línea del frente” kantuari egiten baitio erreferentzia. Beraz, estiloei dagokienez ska eta punka nagusitzen direla esan daiteke. Baina miresten dituzten The Clash, Rancid edo Negu Gorriak egin izan duten bezala ukitu berriak gehitu dizkiote Bizkaiko Golfoek ereindako koktel musikalari.

Advertisements