GOVERNORS

J. Sang-en musika ibilbidea luzea da, eta bere jarrera bizi eta sortzaileagatik nabarmendu izan da. Ekon eta Fjord talde ezagunei, Brutal Melody taldea gehitu behar zaie, 1999. urtean 900 talde baino gehiagoren artean Villa de Bilbao saria eskuratu zuena hain zuzen ere.

2006 urte hasieran J. Sang-en buruan Governors itxura hartzen hasten da, Fjord taldearen azken kontzertutik 7 hilabetetara.
Ideia zahar eta beste zenbait berri batzuen artetik, lehen grabaziorako abestiak sortu ziren.

Musika munduko adiskideen laguntzarekin bost abestitako maketa grabatu eta zenbait diskoetxetara bidaltzen du, bere proiektua ezagutarazteko.

Maketak harrera ona izan eta disko bat grabatzeko aukera ematen diote. Etorkizunerako egitasmoak aztertuz, J. Sang proiektu honetarako lankideen bila hasten da buru belarri. Horrela Governors-en lehen eraketa egonkorra sortzen du.  Maketarako abestiak grabatzen lagundu zion  Heloy (Ekon, Flyshit), diskoa grabatu baino hilabete batzuk lehenago taldean sartu zen Aitor, eta azkenik Beñatekin (Anger) batera abestiak prestatzeari ekin zion. Lehen 12 abestiek Governors-en lehen diskoa osatzen dute.

Horrela, 2007an Oihuka diskoetxearekin “Itxaron beharra ez da itxaropena” argitaratzen da. Garate estudioan grabatua, eta nahasketa eta masterizazioa Elkar estudioan egina, Jimmy (S.A.) eta J. Sang bera, ekoizpenean daudelarik.

Diskoa taldearen luxuzko aurkezpen bilakatzen da eta ate asko zabaltzen dizkie, urte batean 50 kontzertu baino gehiago emanez.

Bira bukatzean Beñat baxu jotzaileak bere lana, betiko taldea den Anger eta Governors aldi berean eraman ezin dituela eta, ordezko bat bila dezaten animatzen ditu taldekideak. Dirty Shadow taldean jotzen duen Jorge legazpiarrak iragarkiaren berri izatean, internet bidez mezu bat bidali zien. Entsegu batzuen ostean taldeko baxu jotzaile berria bilakatzen da.

2009 urte hasieran J. Sang-ek Ekonen itzuleran dauka ezarrita gogo guztia, bira ikusgarri bat prestatzen ari baita. Baina hala eta guzti ere, ez du tarte horretan Governors alde batera uzten.
10. Hatortxu Rock jaialdia dela eta, antolatzaileek eskatu dioten abestia prestatzeari ekiten dio: Kristal Kolpatuak. Fredi Paiaren hitzak dituen eta Eñaut (Ken 7), Sorkun, Brigi (Koma) eta Juanra (Kop) musikarien elkarlanarekin grabatutako abestia.
Taldearen abesti arrakastatsuenetariko bat berau. David Zabaleta eta Paul Urkijok zuzenduta, abestiaren bideoa ere egiten dute. 2009ko euskal bideo eta zina jaialdian lehen saria eskuratu zuen bideoa, hain zuzen ere.

Urte bereko udan beste taldekide bat gehitzen zaie. Taldeko bigarren gitarra izango de Pako. Brutal Melody taldean J. Sang-ekin batera aritutakoa berau.
Honela 2009ko irailean, Governors-en bigarren diskoa prestatzen hasten dira, eta bost hilabeteren buruan diskoa grabatzeari ekiten diote. Grabaketa Haritz Harreguy-ren Higain estudio berrian egiten da.

“Frenetikodrome” 10 abestiz osatuta dago. Diskoaren izenburuak grabaketa aurreko hilabeteetan taldeak izandako erritmo frenetikoari egiten dio erreferentzia. Emaitza ezin hobea da. Melodikoki landua eta ahots trataera bikaina dauka, ikus-entzuneko taxu handia duen talde indartsu batean islatzen dena.
Diskoak konposaketa maila bikaina eta gaukotasun handia dauka. “Frenetikodrome” bizitzaren amildegi hertzeko joko musikala da, disko bizi eta zuzena, lau haizetara rock´n´rolla dariona.

2012. urtea, transizio urtea da. Keu Agirretxeak denbora labur batez,  Aitor ordezkatzen du eta berekin grabatzen dute “Collage”, Governorsen hirugarren diskoa. Keurekin egindako akordioa gutxi gora behera urte batekoa zen. Hau dela eta, 2012. urteko urtarrilean Yago Goronaetak (Ekon) jasotzen du Keuren lekukoa. Berekin aurkezten dute “Collage” diskoa 2012. urtean zehar.

Advertisements